XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izaki zelulanitzetan, beren zelulek lana banatu egiten dute. Zelula batzuk espezializatu egin dira eta bizidunari dagozkion funtzio guztiak ez dituzte betetzen. Nerbio-kinadak transmititzen aritzen diren zelulak ez dira ugalketarako gai eta muskulu-zelulekin ere gauza bera gertatzen da, adibidez. Zeregin desberdinak dituzten zelula-multzo hauen arteko lankidetza eta koordinazioa nahitaezkoa da, beraz, zelulen artean barne-oreka lortuz organismo horrek osotasun gisa funtziona dezan. Horrez gain organismoak harreman-sistema eta ingurugirora egokitzeko mekanismoa behar ditu.

Lana banatuta dagoelako zereginak ez daude zelula-talde desberdinetan errepikaturik eta energia aurreztu egiten da. Bestetik, zeregin jakin bat egiteko espezializatu diren zelula horiek beren lana espezializatu gabekoek baino askoz ere hobeto burutzen dute. Ondorioz, horrelako organismoak garapen-maila handiagoak lortzen ditu.

Hala ere, guztia ez da onerako izaten. Izan ere, zelulek elkarren premia dute bizirik irauteko. Organismo zelulanitzeko zelula isolatuak ezin daitezke beren kontura bizi; duten espezializazioa medio bizitzeko funtsezkoak diren eginkizunak ez baitituzte burutzen.

Ariketa

IV.33. ariketa

1. Esan al zenezake ehuna zer den?

2. Eman al zenezake animali edo landare-ehunen adibiderik?

Zelula-aniztasunak berekin ditu beste premia batzuk, organismoak bete beharreko bizi-funtzioak egoki garatu ahal izateko. Premia horiei erantzuteko ehunak, organoak, aparatuak, sistemak, etab. garatzen dira, organismo zelulanitzaren konplexutasunaren arabera.

IV.60. irudia.

Ariketa

IV.34. ariketa

1. Izaki zelulanitz guztiak konplexutasun berdinekoak al dira? Alderatu konplexutasun-maila desberdineko bi izaki zelulanitz. Beren organo eta egituren konplexutasuna antzekoa dela iruditzen al zaizu?

2. Zelula-kopurua handiagotzearekin batera batzuk besteen gainean kokatu behar izaten dute eta gainekoek azpikoak zapal ditzakete. Zapalduta gera ez daitezen, nolako organo edo aparatua eduki beharko dute?

3. Organismo zelulanitza milaka edo milioika zelulak eratzen duela kontuan izanik, kanpoaldeko ingurua ukituz ez dauden barneko zelulek nola jasoko dituzte bizitzeko behar dituzten mantenugai guztiak?